Copreci boladan dago

Kontsultatu Copreciren azken albisteak.

Albisteak

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak Copreci Aretxabaletako lantegia bisitatu du

Markel Olano diputatu nagusiak adierazi du lurraldeko enpresak dibertsifikatu eta haztearen alde egin duela Foru Aldundiak eta hori dela, hain zuzen ere, “Gipuzkoaren etorkizunaren aldeko apustua egitea”.

Hazkunde fasean dagoen Copreci kooperatibaren Aretxabaletako plantan izan da Foru Aldundiko arduraduna eta bisita horren baitan burutu du adierazpen hau. Copreci Mondragon Corporationen integratuta dagoen etxetresna elektrikoen osagaietan espezializatutako enpresa da, eta datozen hiru urteetan bere jarduera hedatzeko 50 milioiko inbertsioa burutzea aurreikusten du. Inbertsio honen epizentroa Aretxabaletako planta izango da.

Diputatu nagusiarekin batera, Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako foru diputatua ere bertan izan da. Imanol Oleaga Copreci Taldeko zuzendari orokorrak, eta Lorea Barrutia kooperatibako lehendakariak egin diete harrera Aldundiko arduradunei. Javier Oleaga Mondragon Corporationeko lehendakariordeak eta Unai Elkoro Aretxabaletako alkateak ere parte hartu dute bisitan.

Lan bilera batekin hasi dute bisita eta parte hartzaile guztiek azpimarratu dute elkarlanean jarraitzeko borondatea. Ondoren, Copreciko arduradunek lantegiko azpiegiturak erakutsi dizkiete.

Copreciko zuzendari nagusia den Imanol Oleagak kooperatibaren proiekzio industrialak duen intentsitatea mantentzea aurreikusten du 2018-2020 epealdian. Horretarako gakoak izango dira, linea zuriko merkatuak duen indargunea, bezero berrien kaptazioa Estatu Batuak, Txina eta Europan, eta kooperatibako IGB departamentuak sortutako produktu familia berriak. Motorretan eta potentzia elektronikoan garatutako konpetentziek beste sektore batzuetan lan egiteko aukera berriak zabaldu dituzte.

Honekin batera, indukzioko dibisioak Europan zabaldutako ikuspegiari esker, negozio honetako modulu eta osagaien fabrikazioan hazkunde nabarmena ekarriko du. Copreci prestatzen ari da Mondragoneko linea zuriko osagaien dibisioko parte diren kooperatibekin elkarlanean jarduteko duen eskaintza gaitasuna areagotzeko.

Erronka honi aurre egiteko Copreciko manufaktura egituraren egokitzapenak 50 milioiko inbertsioa egitea suposatuko du 2018-2020 epealdian. Inbertsio honen %70 Aretxabaletako instalazioak indartzeko erabiliko da. Guzti honetan automatizaziorako estrategiak eta Industria 4.0 egitasmoak paper garrantzitsua du. Batera doazen proiektuak dira eta hauei esker Gipuzkoako lantegi honek, lanesku merkea duten beste herrialde batzuetan kokatutako enpresen aurrean lehiakorra dela erakutsi du.

Plan hauek aurrera eramateko talentuaren kudeaketa gakoa izaten ari da dagoeneko. Horretarako, ezinbestekoa da eta izango da potentzia eta kontrol elektronika esparruko profesional prestatuak izatea eta kaptatzea.

 Argazkiak